Ongi Etorri / Bienvenidos

Tu lugar para informarte, para expresarte y para intentar aclarar tus dudas relacionadas con el ámbito laboral. Informatzeko, adierazteko eta lan-esparruarekin lotutako zalantzak argitzen saiatzeko duzun lekua.

Maitzaren Lehena

Mitxel Lakuntza, datorren lehendakariari: “Gatazka soziala eta laborala zabalik da. Orain arte egin ez diren politikak egin behar dira”

Benetako alternatibak defendatzeko, erakundeetan ezkerraren oposizio handiagoa eskatu du ELAk. Pribatizazioa, zerbitzu publikoen okertzea eta botere ekonomikoen aldeko fiskalitatea bultzatu dituen gobernuarekin zein "herri akordio" posible ote den galdegin du Lakuntzak. Bestalde, ELAk elkartasuna adierazi dio Palestinari.

IRAKURRI MITXEL LAKUNTZAREN HITZALDIA

ELAk bi manifestazio egin ditu Maiatzaren Lehenean Bilbon eta Iruñean, 'Antolatu, Borrokatu, Irabazi' lelopean. Bilboko ekitaldian, Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak berriro azpimarratu du beharrezkoa dela zerbitzu publikoak indartzea, Gasteizko eta Iruñeko gobernuak botere ekonomiko eta patronalen konplizitatearekin egiten ari diren zerbitzuen okertzea eta pribatizazio politika geldiarazteko.

Lakuntzak salatu duenez, Osakidetza eta Osasunbidea “Europako ABLE handienak” dira, bi langiletik bat behin-behinekoak izaki. “Osakidetzaren arazoa inbertsio falta da”. Osasun pribatura deribazioak egiteko diru publikoak, ordea, gora egiten du urtero, 250 milioi euroko langa gainditzeraino. Horren adibide argia ere bada zaintza profesionaletan gertatzen dena (erresidentziak, etxez etxeko laguntza zerbitzuak..). Lan baldintzak prekarizatzearen kontura negozioa egiten duten azpikontrata sare batek osatzen du zaintza, ziurtatu du Lakuntzak, eta horrek bereziki kaltetzen ditu emakumeak eta migratzaileak.

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritza berria osatzeko atarian, idazkari nagusiak mezu bat helarazi dio hurrengo lehendakariari: "Gatazka sozial eta laboralak zabalik jarraitzen dute, zerbitzu publikoek inbertsio handiagoa behar dutelako; Osakidetza berreskuratu behar delako, zaintza sistema publiko bat behar dugulako, eta etxebizitza politikak errotik aldatu behar direlako negozioa izateari utzi eta benetan eskubidea izan dadin. Norabide aldaketa behar da orain arte egin ez dena egiteko ".

Horretarako, konfrontazio politiko, sozial eta sindikala ezinbestekoa da, Lakuntzaren hitzetan. Ezkerrak erakundeetan oposizio handiagoa egitea eskatu du idazkari nagusiak, benetako alternatibak eskaintzeko. Baina, ezkerrak herri akordioak proposatzen ditu patronalaren alde daudenekin, pribatizazioa eta botere ekonomikoen aldeko fiskalitatea bultzatzen dutenekin, Lakuntzaren hitzetan. "Herri akordio horiek posible dira eskuineko edukiak onartzen badira”.

Are gehiago Confebaskek prekarietatea dagoela ukatzen duenean. ELAk oroitarazi du prekarietateak bi langiletik bati eragiten diola, eta urtean 400 hildako eragiten dituela laneko istripuen edo gaixotasunen ondorioz; batez ere arrazializatuen eta emakumeen kalterako. Errealitate horren aurrean, arrazakeriaren aurkako sindikatu feminista baterantz jotzeko konpromisoa berretsi du ELAk.

Greba gehiago, hitzarmen hobeak

ELAk elkartasuna adierazi dio Palestinako herriari, eta horretarako Anis Biladik parte hartu du Bilboko ekitaldian. 1948an kanporatutako errefuxiatu palestinarren ondorengoa da, Euskal Herrian bizi den ekonomialaria, eta Gernika-Palestina plataformako kidea. Bere herria jasaten ari den genozidioa salatu du eta Mendebaldeko potentzien konplizitatea. Era berean, ELAk igorri du mezu antibelizista eta gastu militarraren aurkakoa , Europan aurrekontu soziala murrizten den aldi berean handitzen ari baita gastu militarra. "Europako Parlamentuak -gogorarazi du Lakuntzak- arau fiskal berriak onartu ditu, Espainiako Estatuari 15.000 milioi euroko murrizketa eskatzen diotenak. Hori da Europako Funtsen Europa, multinazional handien interesak bultzatzeko gezur bat erreformen eta ingurumen trantsizioko agenda bati ez heltzearen truke".

Horregatik guztiagatik, ELAk konfrontazioaren eta erakunde sindikalaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Idazkari nagusiak gogorarazi du iaz ELAk 114 garaipen sindikal lortu zituela, eta ELAk sinatutako hitzarmenen soldata igoerak hobeak direla, %6,5ko igoera gainditzen baitute (beste sindikatuen batez bestekoa %4,1 da). Handiagoa da aldea feminizatutako sektoreetan: ELAk sinatutako akordioen artean %7,84ko igoera dago; beste sindikatuen artean, aldiz, %4,3koa. “Patronalari eta gobernuei gutxi gustatzen zaien datua da hori: greba gehiago, orduan ta emaitzak hobeak dira”. Beraz, kalean zein lantokietan militanteek egiten duten lana eskertu du sindikatuak Maiatzaren Lehenean.


                                                    


No hay comentarios:

Publicar un comentario